ZIZURKO ZUBIA
Monumentuak
Zubi horrek historia handia du. Jendea batzeaz gain, Barañainen eta Zizur Nagusiaren arteko truke- eta merkataritza-korridorea eta igarobidea izan da.
Erromatar motako bi arku zirkularreko zubia da. Puntu-erdiko arku bat du, eta baoa 5,6 metro luze da; beste arkuarena, berriz, 9 metro luze. Azken arku hori geroago eraiki zen; horregatik uste da, hasiera batean Erdi Aroko eraikuntza izan zela eta, lehenago, erromatar zubi bat egon zitekeela bertan.
18 metro luze da, eta ia 4 metro zabal, paramentuak eta kanpoaldeak kontuan hartuta. Egun, erdiko igarobidea oso hondatuta dago, eta ez du karelik. Hala ere, Europako Erkidegoak sustatutako hirigintza-jarduerei esker, berreraiki eta egitura zaharra birmoldatu egingo da.
Karlos III. Prestua erregeak, zubi horren erabilgarritasunaren jakitun, eta, agian, auzotarren eta Etxauribartarren eskaerari erantzunez (haiena zen orduan zubia), konpontzeko agindu zuen 1421ean, Etxabakoizko beste zubi batekin batera. Dirudienez, “negutea iritsi” aurretik konpondu behar zen, kostuaren igoera saihesteko; izan ere, ziotenez, “orain 130 libera inguru kostatzen dena 600 libera gehiago kosta daiteke”. Antza denez, azkenean, 130 libera kostatu zen konponketa.
Zenbateko hori hauek ordaindu behar zuten: “Etxauribarreko eta Galarreko kontzejuek, baita Ilzarbeibarrekoek eta Lizarrako Merindadekoek ere. Ibar eta kontzeju bakoitzak konponketa horiek ordaindu beharko ditu, eta lagundu ere egin beharko du. Agindu hori ematen diegu kontzeju guztiei, pertsona bereziei, horri men egiteko”. Hamar urte geroago, 1430ean, beste uholde batek kalteak eragin zizkion. Florencio Idoateren arabera, euriteek 175 etxe suntsitu zituzten erresuman, eta jende asko hil zen horren ondorioz.
1915ean, beste konponketa-lan batzuk egin zizkioten, egoera tamalgarrian baitzegoen. Kontzejuko presidentea Tomás Erro zelarik, “auzoko bidea deitzen dugun jurisdikzio honetako (zubi) zaharra” berreraikitzeko proposamena onartu zen.