Ayuntamiento de Zizur Mayor

Paisaia

Duela 5.000 urte, Zizur Zendeako lurraldea (zatirik handiena) basoa zen, batez ere erkametzez osatua, lurren hondo tupartsuak lagunduta. Azken glaziazio handia bukatua zen, eta ondorengo klima epelak Nafarroako zatirik handiena (goialdeak izan ezik) hartzen zuten baso eremu zabalak sortzea ahalbidetu zuen.
Espezie anitzeko baso arkaiko eta bukolikoak osatzen zuen paisaia haren aldaketa Iruñerria bizileku hartu zuten giza taldeek beren azienda bazkatzeko larre emankorrak lortzearren basoa luberritu, bota eta erre behar izan zutenean hasi zen. Jende haiek beren ohiturak aldatzen hasi ziren, eta ehiztari izatetik biltzaile izatera pasa ziren, eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizitzen hasi ziren. Egoera hartan, basoa mendean hartu, eraldatu behar izan zuten, eta, arian-arian, lekua kendu zioten lurra beren premietara eta ustiapen berrietara egokitzeko.

Inbasio indoeuroparrek, K.a I. milurtekoan, nekazaritza eta abeltzaintza ustiatzeko teknika berriak eta eraginkorragoak ekarri zituzten, eta egoera horrek, beharbada, Nafarroako eremu zabalen landaretza, Iruñerrikoa barne, aldatu zuen. Erromatarren etorrerak paisaia aldatu zuen, berriro ere, komunikabide berriak sortu, eta presio demografikoa areagotu zelako.

Erdi Aroan, gerrate luzeek, inbasioek, eta, batez ere, etengabeko hazkunde demografikoak basoari lekua jan zioten, eta, poliki-poliki, soroak eta bereziki larreak nagusitu ziren. Izan ere, XI. eta XII. mendeetako hazkunde demografikoak herri askok labore anitz landuz lortzen zuten autohornikuntza gainditu beharra eta basoari eremu gehiago kentzea eragin zuen. Egoera horri etekinik handiena Orreaga, Iratxe eta La Oliva monasterioek eta Jerusalemeko San Juan ordenak atera zioten; hauek guztiek eragin ekonomiko nabarmena izan zuten Zendean eta Zizur Nagusian.

Historian zehar paisaian eragin bada ere, paisaiaren aldaketa esku-hartze orekatuak kontrolatu du, eta horrek aniztasun biologikoa neurri batean egonkortzea ekarri du. Alabaina, ez da anitz Zizur Nagusiak duen landaretza. Udalerriaren azalera osoaren % 38a, 550ha alegia, soroak eta zuhaizti txikiak dira. Hala ere, espezierik ohikoenak Zendeak dituen berberak dira; hots, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko eremu bioklimatikoari dagozkionak. Aleppo pinua berriki landatutakoa da.

Espezie horretako sailik handiena Miravalles izeneko parajean dago. Larizio pinua espezierik hedatuenetako bat da, baso berritzeen ondorioz bada ere. Iruñerrian oso erabilia da. Zendeako zenbait lekutan (Gendulain, Larraia, Sagues, Undio eta Paternain, besteak beste) arte, haritz, abaritz eta ezpel eremu txikiak eta hurritz batzuk topa daitezke. Hala ere, ibai bazterretan horren ohikoak diren zumarrak, lizarrak eta makalak egon badaude ere, mehatxatuta daude. Gendulainen soilik aurki dezakegu akaziez, intxaurrondoz, pikondoz eta makalez osatutako jatorrizko landaretza. Bideburu izeneko bideak Barañain eta Zizur elkartzen ditu Eultza goi-ordokian barna.

Arestian aipatutako landaretza horixe da gaur egun La Balsa inguruetan dauden bananondo ilarekin batera gordetzen den landaretza bakarra. La Balsa hareharri eta konglomeratuzko lurraren gaineko ur-iragazkortasunaren ondorioz, oraindik ere bertan dirauen hondar hidrologikoa da. Paisaiaren gainerakoa zereal uzta apartak ematen dituzten soroak eta zuhaitz landatu berriak dira. Elortz ibaiaren bideari jarraituz, ibaiak bere ibilbidean garai batean zuen landaretza suma dezakegu, sumatu edo irudikatu baino ez, ordea. Gaur egun makalak eta lizar bakan batzuk baino ez dira ikusten ihitzen artean, hurbilean enpresak (Potasas de navarra,Inquinasa eta abar) paratzearekin batera gaixotzen hasi zen ibaiaren ertzetan.

Iragan den mendean, lursailak bateratzeak eragin handia izan zuen landare paisaian. 1960ko hamarkadatik aitzin, Nekazaritzaren Erreformarako eta Garapenerako Institutu Nazionalak sustatu zuen nekazaritza eremu produktiboa birmoldatzeko eta arautzeko jarduerak Arroko paisaiaren fisonomian izugarrizko ondorioak eragin zituen. Eta, jakina, Zizur Nagusiko paisaian ere bai. Data hori baino lehen, 1940ko hamarkadan, udalerri osoan barna han eta hemen zeuden lursailak oso ugariak ziren. Zatiketa horrek soroetako lana zaildu eta kostua areagotu egiten zuen, denbora eta eskulan gehiago behar izaten baitzen. Zatiketa hori ez zen bateragarria nekazaritzako teknika berriekin, ezta XX. mendeko bigarren hamarkadatik aitzin sortu zen industri makinariarekin ere.

Zizur Nagusian 1985ean hasi ziren lursailak bateratzen, eta 1990ean bukatu zuten eginkizun hori.

Teknikoki, erreforma hori bideragarriagoa zen Zizurren beste lekuetan baino, Zizurko nekazaritza lurren topografia soro zabalez osatuta baitago, eta baso eremu txikiak baititu.

Nekazariak horren alde erabat ez bazeuden ere, onura ugari ekarri zuen, besteak beste: nekazaritzako makineria bestelako logikaz erabiltzea, bide sarea hobetzea, eta lursailetara iristeko erraztasuna.

Bestalde, nekazaritza arloko lanak eta arlo horretatik kanpokoak uztartzeko aukera eman zuen, baita lurrak errentan emateko eta laborantzak alokatzeko ere (Zaratiegi).

Volver arriba