Ayuntamiento de Zizur Mayor

Landaredia eta Fauna

Jatorrizko landaretza haritz eta arte baso mistoz osatuta zegoen. Gizakiak azken ondorioetaraino eragin du landaretza horretan. Gaur egun, berriz, zereal soroek eta udalerriaren ipar-mendebaldean dagoen baso eremu batek (aleppo pinuak) osatzen dute paisaia.

HISTORIA DUEN IBAIA: ELORTZ IBAIA

Elortz ibaia ibai txikia izan da Zizur Nagusia zehartzen duen tartean. Alabaina, baliteke iraganean ur emari handikoa eta ur garbikoa izatea. Garai batean zabalagoa eta emari handikoa zen, ibaiertz aberatsekoa eta zuhaitzez hornitua (zumarrak, sahatsak, makalak, lizarrak eta haltzak). Ibar sakon eta basotsu bat zeharkatzen zuen, sigi-saga. Gaur egun, emariari, ibaiertzei edo hondoari erreparatuta, ezin suma daiteke nolakoa izan zen.

Elortz ibaia Izko mendietan sortu eta Oltzako Zendean isurtzen ditu bere urak, Eultzaizpea izeneko lekuan, Arazuritik hurbil. Elortz ibaia Arga ibaiaren ezkerraldeko adarrik garrantzitsuena da. Elortz ibaiak, mendebaldeko isurialdetik, Izaga Haitzetik jasotzen du ura, eta iparretik Izko, Alaitz eta Erreniega Mendietatik.

Ibaiadar garrantzitsuenak Untziti eta Sadar ibaiak, eta Errekaldeko errekastoa dira. Ibaiak, emari urri eta irregularrekoak, 35 km egiten ditu Elortz eta Ibargoiti ibarretan, eta Zizurko Zendean eta Iruñean barrena, buztin, hareharri eta uharrizko ubidean. 290 km²-ko azalera drainatzen du, eta 70 hm³-ko emaria du.

Udan, ubidea, tarte anitzetan, lehor egon daiteke. Emari urria putzutan kontzentratzen da, eta horietan hartzen dute babes arrainek. Halako egoeretan, ez zaila izaten loinak, barboak edo ezkailuak ikustea. Zenbait igel, zapo edo suge barietate ere ikus daitezke.

Batzuetan sai arreak, miru gorriak, zapelatzak eta belatz gorriak ikus daitezke Zizur Nagusiko zeruetan, soroen gainetik hegan.

Elortz ibaia Zizur Nagusiaren eta izen bera duen ibar osoaren ibaia izan da. Ur emari txikikoa izanagatik ere, ur horrekin baratzeak (oraindik ere ibaiertzean ikus daitezke) ureztatu dira urteetan.

Gaur egun, ibaiak, Zizur Nagusia zeharkatzen duen tartean, Arrieta, El Soto, Zubiondoa eta Las Huertas eremuak drainatzen ditu. Ibaiaren osasun egoera oso larria da. Ibaiak, urte luzeetan zehar, bere ertzetan eraiki diren enpresa askoren isuriak (anitzetan inolako kontrolik gabe) jaso ditu, eta, ondorioz, ibaiaren fauna gehiena desagertu egin da. Gaur egun ibaiaren ura garbitzeko, eta hondoa eta bazterrak leheneratzeko hainbat proiektu dago, Europako funtsetatik datozen laguntza ekonomikoek bultzatuta.

Volver arriba