SAN ANDRES ELIZA
Monumentuak
Zizur Nagusiko parrokia-etxea San Andres apostoluari eskainia da. Santu hori Betsaidan jaio zen, Galilean, Genesaret lakuaren ertzean. Familiak etxea zuen Cafarnaun, eta bertan hartzen zuen ostatu Jesusek, hirira predikatzera joaten zenean. Andres izan zen, San Juan Ebanjelariarekin batera, Jesusen lehen dizipulua, eta hori ohore handia du.
Zizur Nagusiko eliza XIV. mendearen bigarren erdian eraiki zen; leku hartan, agian, egurrezko tenplu txikiago bat egongo zen aurrez. 1421ean, oso hondatuta egon behar zuen tenpluak, eliztarrek ez baitzuten bertan sartu nahi: “no osan entrar en aqueilla a oyr el seruicio divinal”.
Horregatik, herriko bizilagunek, ordezkarien bidez, parrokia-etxearen kalteak konpondu beharraren berri eman zioten erregeari. Dirudienez, erregeak baiezkoa eman zuen, urte horretan bertan salbuetsi baitzuten parrokia sei urteko epean hasikinak ordaintzeaz. San Andres eliza tenplu gotiko landatarra da, XV. mendearen lehen erdian hedapen handia izan zuen motakoa.
Eraikina herriko harrobiko harriz egin zen, ziur asko, eta lau atal berdineko nabe bakarrekoa da; absidea edo presbiterioa bi ataletan banatzen da. Bi kaperek kanoi zorrotzeko ganga dute, eta gurutzadura ordezkatzeko funtzioa ere betetzen dute. Burualdeari dagokionez, hauxe dio Nafarroako Monumentuen Batzordeak egindako txostenak:
“hexagono-formakoa da, eta parametroak giltzarri nagusi batera doazen nerbioek osatzen dituzte. Gangaren gainerakoak lau zati ditu, edo diagonalean gurutzatzen diren zerrendek tertzeletetan banatzen dute. Zeharkako zerrendak, nahiz arku toral bakoitzak osatzen duen bikoitza, guztiak biltzen dituen kapitel batetik ateratzen dira; oinarritzat, kolomatxo-sorta edo zutabe sortakatua dute, eta mentsula prismatikoetan zurkaizten dira, hormen erdialdean”.
Nerbioak batzen diren giltzarrietan, zenbait medailoi ikus daitezke. Medailoi horietan, erlijio-irudiak ageri dira; esaterako, bildots mistikoa, Anuntxi, Pedro eta Pablo santuak; San Migel ere ikus daiteke, arimak pisatzen. Koroa elizaren garai berekoa da, eta puntu-erdiko arku batek osatzen du. Ganga lau zatitan banatuta dago, eta “elizaren teilatua hartzen duenaren oso antzekoa da. Hori asko goratu zen, ogiba-elizari harburu lerroa kentzeko adina, eta agian eraiki zenean izango zituen almenak eta matakanak kentzeko adina”.
Eraikinaren kanpoaldean, portada da elementu garrantzitsuena; arku zorrotz batek ematen dio turuta-itxura, eta hostailaz apaindutako kapiteletan eusten da. Eraikinaren ataria silarritan oinarritutako puntu-erdiko bi arkuk eta alboko arku batek osatzen dute.
Elizaren dorrea, itxura sendokoa, urrutitik ikus daiteke. Bi kontrahorma, leiho bat eta kanpai ugari ditu. 1707. urtean, gatazka-iturri izan ziren kanpai horiek, Esteban Garzaronen eta Zizur Nagusian hasikina kobratzen zuen Fermín de Arteta abadearen artean. Estebanek 532 erreal eskatzen zizkion Fermini, hori izan baitzen Clemente Quintana kanpaigile maisuak elizarako egindako kanpai nagusiaren galdatze-lanen kostua. Urte horretan bertan, kaperen zenbait albo eta elizaren aurrealdeak margotu ziren. 1752an, beste kanpai bat erosi zuen kontzejuak, 530 erreal ordainduta.
Elizaren sarrera apaintzen duen harria 1772an egin zen. Urte asko geroago, 1948an, Jose Yaben herriko alkate zela, ordulariaren dorretxoa konpontzea onartu zen. Konponketa-lan horrek 400 pezetako kostua izan zuen.