Zizur Nagusiak “Zabaldu” ireki du, udalerriko sexu eta genero-aniztasuna entzuteko prozesu parte-hartzailea

Zizur Nagusiko Udalak “Zabaldu” aurkeztuko du, udalerriko sexu eta genero-aniztasunaren errealitatea ezagutzera bideratutako partaidetza-prozesua, LGTBI+ esperientziei arreta berezia eskainiz.
Zabaldu izenak prozesuaren izaera islatzen du: begirada zabaltzea, entzutea eta herritarren esperientzia anitzei lekua egitea. Helburua da diagnostiko bat garatzea, udalerriko sexu eta genero-aniztasunaren inguruko indarguneak, beharrak eta etorkizuneko lan-ildo posibleak aurrera eramateko. Prozesua herritar guztiei zuzenduta dago, baita LGTBI+ pertsonei, gizarte eragileei eta erakundeei ere, eta parte hartzeko espazio ezberdinen bidez garatuko da.
Aurkezpen saioa
Prozesua jendaurrean aurkeztuko da saio ireki batean, non haren helburuak, garapena eta parte hartzeko moduak azalduko diren. Aurkezpen saioa maiatzaren 29an izango da, 18:30ean, Zizur Nagusiko Kultur Etxean.
Honek podcast irekiaren formatua izango du espazio publikoan, Divina Comedia artistak dinamizatuta. Elkarrizketa eta herritarren parte-hartzerako gune gisa planteatu da, sexu eta genero-aniztasunaren inguruko hausnarketak partekatzeko; bertan, Zizur Nagusiko hainbat herritarrek euren esperientziak eta gogoetak partekatuko dituzte. Amaieran, gainera, luntx baterako aukera egongo da Kultur Etxean bertan.
Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu proposamen ireki eta sortzaile honetan parte hartzera, elkarrekin entzuteko, hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko gune bat izango baita. Prozesuarekin batera, kalean egingo den komunikazio kanpaina bat garatuko da, herritarrei informazioa helarazi eta parte-hartzea sustatzeko prozesuaren fase guztietan.
“Zabaldu” rekin, Zizur Nagusiak entzuteko eta parte hartzeko gune bat ireki nahi du, udalerriko errealitatea hobeto ezagutzeko eta herri kontzienteago, inklusiboago eta esperientzien, identitateen eta bizimoduen aniztasunarekiko begirunetsuago baterantz aurrera egiteko.
