Zizur Nagusiak ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune berriak estreinatu ditu

Zizur Nagusiko Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi puntu bikoitz (22 kW) jarriko ditu martxan 2026ko apirilaren 13an. Azpiegitura berri horrekin lau ibilgailu kargatu ahal izango dira aldi berean, eta, horrela, trantsizio energetikoarekiko eta energia iraunkorragoen erabilerarekiko udal-konpromisoa indartuko da.
Gune berriak udalerriko bi aparkaleku publikotan egongo dira: bata Idoia plazaren atzealdean eta bestea Talluntze parkean, Erreniega parkearen parean.
Kargatzeko puntu horien erabilera 2025eko abuztuaren 12an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen udal ordenantzaren arabera arautuko da. Ordenantza horrek erabilera baldintzak, karga amaitu ondoren aparkatzeko gehienezko denbora eta hornidura elektrikoagatiko prezio publikoa ezartzen ditu.
Puntu hauek erabiltzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik Navarraterrecarga plataforman erregistratzea, aplikazio mugikorra deskargatzea eta ordainketa metodo bat aukeratzea. Gainera, aplikazioan erregistratutako erabiltzaileak bat etorri beharko du ibilgailuaren titularrarekin, baina matrikula bera duen beste erabiltzaile bat gehitu ahal izango da.
Zerbitzuaren prezioa 0,36 eurokoa izango da kWh-ko, baina Udalak % 50eko hobaria ezarri du helbide fiskala Zizur Nagusian duten ibilgailuentzat. Deskontu hau jaso nahi dutenek Herritarren Arretarako Bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoan eskatu beharko dute, aplikazioaren erregistroan erabilitako datu berberak emanez. Eskaera egiaztatu ondoren, mezu elektroniko bat jasoko dute hobaria aktibatu dela berresteko.
Zerbitzua behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, kargatzen amaitu ondoren, ibilgailua gehienez 30 minututan erretiratu beharko da 07:30etik 22:00etara. Gaueko ordutegian, 22:00etatik 07:30era bitartean, muga hori gainditu ahal izango da, baina ibilgailua hurrengo eguneko 07:30ak baino lehen erretiratu beharko da, karga amaitu bada.
Jarduera honekin, Zizur Nagusiko Udalak aurrera darrai mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta udalerrian ibilgailu elektrikoaren erabilera errazteko helburuan, herritarrentzat eskuragarri dauden kargatzeko azpiegituren sarea handituz.