Zizur Nagusiak hurbileko merkataritzaren aldeko apustua indartu eta Erreniega auzo-elkargune bihurtuko du PARKEArekin

Zizur Nagusiko Udalak PARKEA artisautza eta merkataritza azokaren edizio berri bat egingo du maiatzaren 23an, larunbata. Erreniega parkea berriz ere jardueraz, bizitzaz eta publiko guztientzako proposamenez beteko du. Hitzordua 11:00etatik 14:00etara izango da, eta bertako denda, artisau eta proiektuen ordezkaritza zabala bilduko da, inguruneaz gozatzeko, gertuko ekimenak ezagutzeko eta udalerriko ehun ekonomikoa babesteko pentsatutako goiz batean.
PARKEA udaberriko hitzordu berezienetako bat bilakatu da Zizur Nagusian, hurbileko merkataritzari ikusgarritasuna emateko, udalerrian ekiten dutenei laguntzeko eta parkea herritar guztientzako topagune bihurtzeko. Aurreko edizioetako arrakastaren ondoren, non hogei proiektuk baino gehiagok parte hartu zuten, azoka merkatua, kultura, aisialdia eta parte-hartzea uztartzen dituen proposamen batekin itzuliko da.
Egitaraua 11:00etan hasiko da, Yoga Body Art-en saio batekin. Horretarako, parte-hartzaileei gonbidapena luzatzen zaie beren esterilarekin joateko. Ondoren, ardo dastaketa egingo da 13:00etan, Elena Arraizak gidatuta, horretarako interesdunek 12:00etatik 12:30era azokan bertan izena eman beharko dute. Goiz osoan zehar, giroa KBLESSen zuzeneko musikaz lagunduta egongo da, eta janari eta edari zerbitzua Txapela Tabernak eskainiko du.
Salmenta postuez gain, PARKEAk tailer eta jarduera eskaintza zabala izango du goiz osoan zehar, saltokiek beraiek eta parte hartzen duten proiektuek bultzatuta. Horien artean, PIPA Idiomas-ek haurrentzako tailerra eskainiko du ingelesez, eta The English Lab Zizur Nagusiak, berriz, ingelesezko hainbat proposamen ludiko dinamizatuko ditu, familientzako jarduerak, txikienentzako jolas sentsorialak eta kuadrillen arteko Pub Quiz bat barne. Sormen eta hezkuntza-tailerrak ere izango dira, hala nola La Casa de la Niñeraren hezkuntza emozionala, Calvart Sormen Estudioaren proposamen artistikoak, artisautza-lanak Celma Artesanarekin, kakorratz-tailerrak Alethea Mattosekin, eskumuturrekoak sortzea Amaraun Makramerekin edo haurrentzako jarduerak Amelin haurtzaindegiaren eskutik. Horrez gain, Iparla harategiko txistorra pintxoekin eskaintza gastronomikoa osatuko da, komunitatean parte hartzera, ikastera eta gozatzera gonbidatzen duen programazio anitza osatuz.
Eguraldi txarra izanez gero, azoka Erreniegako estalpera lekualdatuko da, eta jardueraren garapena bermatuko da.
Edizio berri honekin, Zizur Nagusiak gertukoa, sortzailea eta kolektiboa balioesten dituen udalerri eredu baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, PARKEA azoka bat baino askoz gehiago bihurtuz: tokiko merkataritzatik bizitza komunitarioa topatzeko, partekatzeko eta indartzeko aukera.
