Zizur Nagusiak 2026ko festetako kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du

Zizur Nagusiko Udalak 2026ko festak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa ireki du. Deialdia 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta proposamen original eta argitaragabeak aurkeztu ahal izango dituzte datozen herriko festen irudi ofiziala izateko.
Lanak 70 x 50 zentimetroko formatu bertikalean egin beharko dira. Teknika librea izango da, beraz, parte-hartzaileek egokienak iruditzen zaizkien estilo, material eta baliabide grafikoak aukeratu ahal izango dituzte. Edonola ere, lanek herriko armarria jaso beharko dute, udalaren webgunean eskuragarri dagoena, bai eta jaietako testu ofiziala ere: “Zizur Nagusiko festak/2026ko abuztuaren 26tik 30era/Fiestas de Zizur Mayor/Del 26 al 30 de agosto de 2026”.
Proposamenak Zizur Nagusiko Udaletxean aurkeztu beharko dira, zehazki Herritarren Arretarako Bulegoan, 2026ko ekainaren 9ko 14:30ak baino lehen.
Lehiaketaren oinarri guztiak hemen kontsulta daitezke. Horietan, deialdian parte hartzeko behar den informazio guztia jasotzen da.