Mirabal ahizpak
Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, 1960tik dator. Urte hartan, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpak, behin baino gehiagotan espetxeratu, bortxatu eta torturatu ondoren, bortizki erail zituzten Dominikar Errepublikan, Rafael Leónidas Trujillo diktadorearen gobernuaren aurkako aktibismo politikoagatik.
Mirabal ahizpak “Tximeletak” ezizenez ezagunak ziren, Minervak tirania trujillisten aurkako ezkutuko jarduera politikoetan erabilitako izena izateagatik, eta Latinoamerikako emakumeen aurkako indarkeriaren adierazle nagusi bihurtu ziren.
1981ean Bogota (Kolonbia) ospatu zen Latinoamerikako eta Karibeko Lehen Topaketa Feministan, azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko nazioarteko egun gisa markatzea erabaki zen, Mirabal ahizpen hilketa gogoratzeko.
1999. urtean, Dominikar Errepublikak, beste laurogei herrialderen babesarekin, Nazio Batuen Batzar Nagusian proposatu zuen azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egun izendatzea. Proposamen hori abenduaren hamazazpiko 54/134 Ebazpenaren bidez onartu zen, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeari buruzko Adierazpenarekin, eta honela definitu zen “emakumeen aurkako indarkeria”:
“Generoan oinarritutako indarkeria-ekintza oro, emaitza gisa kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa izan dezakeena, baita mehatxuak, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki debekatzea ere, izan bizitza publikoan zein pribatuan.”
Batzar horretan onartu zen beharrezkoa zela eskubideen adierazpen bat egitea eta hori aplikatzea, emakumeen aurkako indarkeria modu guztietan desagerrarazteko, eta estatuek eta, oro har, nazioarteko komunitateak konpromisoa hartu behar zutela helburu hori lortzeko.