Ayuntamiento de Zizur Mayor

2024ko irailak 5

Zizur Nagusiko jaietako eraso matxisten aurkako adierazpen instituzionala

Foto noticia

Badatoz Zizur Nagusiko Jaiak ospatzeko datak: bost egun gozatzeko, lagunekin eta senideekin biltzeko, eta gure herria bisitatzen duten pertsonak hartu eta ezagutzeko.

Zizur Nagusiko Udalak eta hainbat kultur- eta gizarte-taldek ilusioz beteriko egunak prestatu dituzte, ekitaldiz, dibertsioz, dantzaz, musikaz eta, azken finean, festaz beteak.

Jai hauek berdintasunez goza daitezen, ezin gara axolagabeak izan jai-guneak elkartzeko eta harremanetan jartzeko guneak direlako, eta, gainerako giza-testuinguruak bezala, batzuetan jokabide matxisten agertoki bihurtzen direlako.

Festara irteteak baliabideen, autokontrolaren eta mugen mapa bat sortzea dakar emakume askorentzat, eta horrek eragina du haien egoteko, harremanak izateko, elkarreragiteko, janzteko edo lotsa galtzeko moduan.

Onartu gabeko ukitzeak, temak, etengabeko begirada larderiatsuak, inguraketak, erreakzio bortitzak, askotan, festan zehar, emakumeek etengabe erne egon behar izatea eragiten dute, bakarrik geratzeko beldurra izatea, mesfidantzak, edalontzia zaintzea badaezpada ere…, festak bizitzeko moduan eragina duten esperientzia errepikatuak dira.

Indarkeria matxista erabiltzen da, halaber, gizonak edo emakumeak izan behar duenaren agindu sozialak betetzen ez dituzten pertsonen aurka. Nortasunagatik, genero-adierazpenagatik edo sexu-orientazioagatik mespretxuz edo hitzez eta fisikoki erasotutako pertsonak.

“Zizur Nagusiko eraso matxisten aurkako mahaia” hainbat hilabetez lan egin du eraso sexisten eta LGTBIfobikoen aurrean sentsibilizatzeko, jarduteko eta erantzuteko kanpaina prestatzen.

Kanpaina honen emaitza da jaietan Puntu Feminista bat jartzea, eraso matxistei buruzko prestakuntza duten langileek kudeatuta. Gune hori Udaltzaingoarekin eta txosnak kudeatzen dituzten pertsonekin koordinatuko da.

Puntu horretan, arreta eta laguntza eskainiko zaie hala eskatzen dutenei, eta informazio- eta prebentzio-materiala ere egongo da, sexualitatearen bizipen positiboa sustatzeko.

Zizur Nagusiko bizilagunak animatzen ditugu Puntu Feminista honetan eskainiko diren eraso matxisten aurkako sentsibilizazio-, informazio- eta aholkularitza-baliabideak ezagutzera.

Ezinbestekotzat jotzen dugu edozein motatako eraso matxistak ikusaraztea, horiek desagerrarazteko lan egin ahal izateko. Isiltasunean eta bakardadean bizitzen ziren garaia igaro da; erakundeetatik, eta, oro har, gizartetik jarduteko unea da, gure kale, taberna eta jai guneen parte izateari utz diezaioten.

Berretsi nahi dugu jai hauetaz berdintasunean gozatu ahal izateko guztiok egin dezakegula ekarpena, gure etxeetan, gizarteetan, etxabeetan, kuadriletan… lanak berdintasunez banatuz, zaintzak partekatuz eta edozein indarkeria matxistaren aurrean gizalegez jokatuz.

Indarkeria- eta eraso-egoera ugari gertatzen dira jai- eta aisialdi-inguruneetan, baina ez gara horietara ohitu nahi, eta, gizarte gisa, horien gainean jarduteko erantzukizuna dugu.

Hau bada festa, ez da gure festa, gureak berdintasunean, errespetuan, aniztasunean eta segurtasunean bizitzea eta gozatzea nahi dugu.

Volver arriba