Ayuntamiento de Zizur Mayor

2024ko martxoak 25

Ager Vasconum VII. Literatur Lehiaketa 

Foto noticia

IKUSI HEMEN OINARRIAK

 

Ager Vasconum Literatur Lehiaketak VII. edizioa ospatuko du aurten. Aurreko urteetan bezala, 12-30 urte bitarteko gazteei bideratua dago, D ereduko ikasleentzat. Lehiaketa babesten dugun udalok jarduera honen bidez hainbat helburu lortu nahi ditugu: Euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzea literatur sorkuntza sustatzea eta tokiko ekimenen aldeko apustua egitea.

Gaurko aurkezpenean, lehenik lehiaketa abiatuko dela iragarri nahi dugu eta, kartela eta eskuorriarekin batera, oinarriak ezagutzera eman nahi ditugu. Bigarrenik, Erdialdeko eta Hegoaldeko D ereduko ikasleak Lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditugu. Aste santuko oporrak datoz eta, beste gauza batzuen artean idazteko tartea aurkitu dezakete. Nabarmendu nahi dugu irakasleen ahalegina lehiaketa honetan, lan tinkoa eta jarraitua. Eskerrik asko.

Ager eremuan bizi garenok euskararen aldeko ekimenak bultzatuz, euskararen herrikoak garela aldarrikatu nahi dugu, eta aurtengo Korrikaren leloak dioen bezala, harrotasunez eta konplexuak gainetik kenduz, elkarrekin pausuak emango ditugu, euskararentzat espazio berriak irabaziko ditugu, hitzez eta ekintzez.

Literatur sortzaile berriak ditugu Ager eremuan, zenbait gaztek urte batean baino gehiagotan saria irabazi dute narrazioan zein poesian; ametsak, pentsamenduak, emozioak, borrokak paperera salto egiten dute. Batek daki antzerkira edo pantaila handian ez ote ditugun ikusiko egunen batean. Ager eremuak bere aletxoa jartzen du lurralde hau euskaraz janzten.

Lehiaketa urtetik urtera zabalpen geografiko handiagoa hartzen joan da eta hori isalatzen da parte hartzaile kopuruan. Zenbaki batzuk ematearren: 2014an, Tafalla bakarrik: 33 lan 2015ean, Tafalla bakarrik: 37 lan 2017an, Tafalla, Erriberri, Zangoza, Lizarra eta Lodosa: 146 lan 2018an, Irantzuko Mankomunitatea sartu zen: 154 lan 2019an, berdin: 144 lan 2021ean, berdin: 106 lan 2022an, berdin: 125 lan 2023an, Garesko Udala sartu zen: 192 lan

Aurten lankidetza berria dugu. Viana eta Zizur Nagusiko Udalek lehiaketa honetan parte hartzea erabaki dute. Izan ere, errealitateak erakusten digu hainbat gaztek, landa eremuan bizi direlako edo herrian bertan instituturik ez dagoelako, mugitu behar izaten dutela DBH euskaraz ikasteko. Hori da esaterako, Izarbeibarreko gazteen egoera, Zizur Nagusiko institutura mugitu behar dira euskaraz ikasten jarraitu nahi badute. Ongi etorri Gares eta Viana!

Aurkezpen honetan ezin dugu aipatu gabe utzi laguntzaileen lana: Altaffaylla Fundazioa (aurten are gehiago liburuaren argitalpenarekin), Elkar Argitaletxea (disko eta liburu sorta emanez oparitzeko) eta Javier Etayo Tasioren irudia, luma handi bat, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko tintaz elikatzen dena.

Ager Vasconum-en VII. edizioak sari ugari izanen ditu kategoria guztietan, iaz bezala.

 

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

● Amaia Jaso Ramirez (Tafalla), Ager lehiaketaren hainbat ediziotan irabazlea.

● Amaia Aldanondo Percaz (Zangoza), euskara irakasle eta edizio batean irabazle.

● Angel Erro Jimenez Iruñeko idazlea.

● Castillo Suarez Garcia, Sakanako idazlea eta Euskaltzaina.

 

Bukatzeko epeak gogoratuko ditugu:

● Lanak aurkezteko epea: apirilaren 26an.

● Epaimahaiaren erabakia: ekainaren 7an, Udalen web orriaren bidez.

● Sari banaketa ekitaldia: ekainaren 20an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan izanen da, Centro Cultural Tafalla Kulturgunean.

Volver arriba