Paseoak ingurunean barna

Zizur Nagusia Iruñerriko sakonune batean kokaturik dago eta, horregatik, hurbileko mendietara joateko txangoetako abiapuntu izan daiteke: Santa Cruz, Erreniega, San Kristobal eta Etxauri.

Zizur Nagusitik atera eta Galarko errepidea hartzen bada, herri horretara iritsita, bide batzuetatik Santa Cruz-Frankoandiaraino igo daiteke. Han Barkamenaren Andre Mariaren ermita dago. Eremu horretan mota askotariko landaredia ikus daiteke, pinua gailentzen bada ere. Halaber, udazkenean, ziza mota ugari bil daiteke, esnegorria, pinu-ziza arrunta eta ilarraka nabarmentzen direla.

Orobat ehiztariek oso maite duten eremua da, bertan kokatzen baitira usoak harrapatzeko postuak. Zizur Nagusia abiapuntu hartuta eta zenbait landa-bidetan barna, Etxauri herrira iristen da. Bertatik Etxauriko Haitzetara igotzen da, non oso ohikoa izaten baita eskalada egitea. Goiko horretatik ere Santa Cruz eta Oko Andre Mariaren ermitak ikus daitezke.

Zizur Nagusian bertan, zenbait paseo egiten ahal dira gaurko landa-bideak aprobetxatuz. Horrela, herritik ateratzeko Harrobietako bidea hartuta, zein pinudi baten ondotik pasatzen baita, Idoi izenekora iristen da. Idoia harrobi zahar batean dago kokatuta eta Erreniega mendizerrako uraz hornitzen duen iturburu baten emariari esker etengabe gainezka betetzen zen. Auzotarrek aprobetxatzen dute bertan arrantzan aritzeko eta karpak harrapatzeko, nahiz eta animalien aniztasuna handiagoa  izan: igelak, uhandreak, baita ur sugeak ere, besteak beste.

Puntu horretatik, bi aukera daude: Zubibideko bidea, pinudien artean doana eta Cruzeraino iparraldeko aldetik eramaten duena, hartu, edo Elortz ibaira daraman desbideratzea hartu.

Harrobietako bidea jarraitzea hautatuz gero, bi futbol zelai kokaturik dauden kirol eremura iristen da. Hortik aitzina, bideak beste izen bat hartzen du, Botutxarreko bidea, alegia, zein Ardoi eta Arberoki terminoetan barna baitoa, La Cruz izeneko tokira iritsi arte. Toki hori eremu altuenean dagoenez, behatokiarena egiten du eta hortik  Iruñerri guztia argi eta garbi atzematen ahal da.

Ibilbidea bukatzeko, bidean barna jarraitu behar da, Miravalles izeneko parajean barna. Izena eskaintzen dituen ikuspegi ederrei zor die, bertatik Iruñerria eta Etxauriko ibarraren zati bat ikusten ahal baitira.

Deskribatutako ibilbide horretan Zizur Nagusiko Udala basoberritzeko, azpiegiturak sortu eta hobetzeko eta aisialdirako egokitzeko proiektua egiten ari da. “