Aste Santua gaur egun ere ospatzen da. Ez du, ordea, zerikusirik joan den mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetan izaten ziren ospakizunekin. Egun haiek dolu eta baitaratzekoak izaten ziren. Isiltasunerako eta otoitz egotekoak. Elizarakoak eta bijiliarakoak. Irudi erlijiosoak zapi beltzez estaltzen ziren, eta ezkilak mututu egiten ziren, baita musika ere, debekatua baitzen musika entzutea. Prozesiorik garrantzitsuena Ostiral Saindukoa izaten zen. Egun horietako bizipoz bakarra garizumako tortillak dastatzea izaten zen.