Herrian ospatzen ziren erromerien artean Erreniegako Andre Mariarena aipatu beharra dugu, Zizur Zendeako gainerako herriekin batera ospatzen zen erromeria.

1954an (urte aski lehorra), Erreniegako Andre Mariari erregutea egin zitzaion pazko asteko bigarren egunean. Gaur egun, oraindik ere, ospatu egiten da erromeria hori: pazko asteko bigarren egunean Asteraindik abiatzen da, eta Zendeako kofradiakideek eta erromesek parte hartzen dute. Halaber, ohikoa izaten zen Arreko Hirutasunera erromerian joatea, baita Iruñera ere. Ama Birjinaren Sortze Garbiaren aldarrikapena egin zenetik lehen mendeurrenaren ospakizunak zirela eta, 1954ko irailaren 4an erromesaldia egin zen Iruñeko katedralaren elizara. Iruñerriko artzapezak 20 pezeta eskatu zituen gastuei aurre egiteko.