Noticias



Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak alokairuaren eskaintza publikoa handitu du, Nasuvinsak Ardoin (Zizur Nagusia) amaitutako babes ofizialeko 34 etxebizitza berri esleituta. Alokairuko lehen sustapen publikoa da, eta energia ez-fosilak soilik erabiltzen ditu berokuntzako eta ur beroko sistema martxan jartzeko

Bigarren lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako titularra den José Mª Aierdik Ardoin amaitutako 34 etxebizitza ikuskatu ditu gaur, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) dekano Patxi Chocarrorekin eta Nafarroan duen delegazioaren lehendakaria den Josecho Velazekin batera. Han izan dira, baita ere, Zizur Nagusiko alkatea, Jon Gondán; Nasuvinsako zuzendari kudeatzailea, Alberto Bayona; eta proiektuaren talde teknikoko arkitektoa, María Hurtado.

Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren eta EHAEOren arteko lankidetza-konpromisoa dela-eta egin da bisita, Foru Komunitatean eraikuntza iraunkorra eta kalitate arkitektoniko eta energia-eraginkortasun handikoa bultzatu nahi baitute, ekimen publiko nahiz pribatuko eraikuntza berriaren sustapenean.