Gizon-emakume ospetsuak

FRANCISCA LAREKI GOÑI

Francisca Lareki Goñi, Juan Miguel Larekiren eta Clara Ventura Goñiren alaba, Zizur Nagusian sortu zen 1828ko urriaren 10ean.

Bere bizia otoitzera bideratu zuen emakume hau Zizur Nagusiko elizan bataiatu zuten urte bereko urriaren 12an. Ikasketak herriko eskolan, eta gerora Iruñean eginda, 22 urte zituela Madrilera joan zen, eta San Vicente Paulek fundatu zuen Karitateko Alaben Institutuan sartu zen, 1859an.

Urte batzuk geroago, 1874an, institutuko nagusi izendatu zuten. Alabaina, Franciscak pobreekiko hartua zuen konpromisoak eta gutxietsien ordenaren kudeatzaile gisa hartu zuen erantzukizunek beste kargu batzuk betetzera bultzatu zuten.

Hainbesteko bizitasunez beteko zituen bere eginkizunak Ahizpa Franciscak, gizarte klase guztiek eskertu ziotela bere lana. Horren lekuko dugu Madrilen 1902ko urriaren 27an hil zenean egin zioten ehorzketa dolu adierazpen ikaragarria. Hilkutxaren buru Santa Genovevako markesa zihoan, Erreginaren ordezkari gisa. Hilkutxaren segizioan lau udaltzain zihoazen zaldiz, umezurtz etxeko haurrak, hainbat diputatu ohi eta Madrilgo politikari eta militar ugari; horiez gain, Madrilgo herritar xeheak.

TERESA ONIEVA SANTAMARIA

Teresa Onieva Lizarran sortu zen 1887an, familia ugari batean. Bost anai-arreba zituen. Ama Salustina (?) Santamaria eta aita Manuel Onieva ziren. Aita gizon konprometitua zen, Azkoieneko (1886) eta Lizarrako (1894) eskoletako maisua. Teresak, txikitatik, argi izan zuen irakasle eta hezitzaile izan nahi zuela. Haurtzaroa Lizarran eman zuen, eta oso oroitzapen onak zituen garai hartaz.

Txikitatik oso argi izan zuen, eta horretan aitak izan zuen eraginik, bere bizian ezagutzak eta gaitasunak zabalduko zituela, bizi izan zuen garai latz hartan aurrera egiteko. Familia jakin-min intelektual handikoa zen. Bere anaia bat, Antonio Juan Onieva, kazetaria eta hizlaria izan zen, eta literatur lan anitz idatzi zituen. Teresak maistra ikasketak egin zituen Iruñean, eta luze gabe, lanpostua lortu zuen Zizur Nagusia herri txikian.

Zizurren bere bizi osoa irakaskuntzari eman zion, eta herrian ez ezik, haurren ariman ere tartetxoa lortu zuen; gaur egun, oraindik ere, beren curriculumetan arrastorik handien utzi duen irakasle gisa oroitzen dute. Teresak irakaskuntzari bidaien eta aurkikuntzen pasioa gehitu zizkion, eta garai haietan batere ohikoa ez zen ikuspegi unibertsala.

Herriko maistra izan zen 1920tik 1957ra bitartean. Bere konpromisoa ez zen soilik haurrekin, baita helduekin eta udalerri osoarekin ere. Kontzejuaren bilera anitzetan parte hartu zuen, eta bere herriaren bizitzan parte hartu zuen aktiboki.

Herriko alaba kutun izendatu zuten 1946an, eta 1957an, erretiroa hartu zuenean, omenaldi hunkigarria eta beroa egin zioten. Areago oraindik, neskatoen eskolari “Teresa Onieva” izena eman zioten. Laurogeita hamar urte beteak zituela hil zen Iruñean.

ANTONIO ASTRAIN ANSOAIN

Antoniok fite jakin zuen ez zuela bere bizia jaioterrian emango. 14 urte zituela Jesusen Konpainian (Zendeako hainbat herritan -Barañain, Zizur Nagusia- zenbait jabetza izan zituen erakunde erlijiosoa) sartu zen.

Ordurako, jesuitak Espainiatik bidali zituzten. Antonio intelektuala eta historialaria izan zen Frantzia hegoaldeko Poyanne nobiziotegian; huraxe izan zen, 1868ko Iraultzak agindu zuen kanporatzearen ondoren, ordenak hartu zuen babeslekua. Han Francisco Garaterekin (1982an beatifikatua) egokitu zen.

Berrezartze borbondarraren ordena berriak erlijio ordenak bueltatzea ahalbidetu zuen, horien artean jesuitena. Horrenbestez, Astrainek Carrion de los Condesen eta Oñan osatu zituen bere ikasketak. 1886an apaiz ordenatu zen.

Erretorika irakatsi zuen Loiolan, 1887tik 1890era bitartean, eta “El Mensajero del Corazon de Jesús” (Jesusen Bihotzaren Mezularia) aldizkariaren zuzendaria izan zen.

Halaber, Konpainiako jeneral Luis Martin Aitaren enkarguz, Konpainiaren historia idazten hasi zen, eta 30 urte eman zituen eginkizun horretan. Obra hori ezinbestekoa da Konpainiaren ibilbidea ezagutzeko. Zazpi liburuki ditu, eta 1902an hasi ziren argitaratzen, eta 1925ean bukatu. 1923an Kongregazio Nagusiko kide izendatu zuten. Berea da, orobat, “La vida breve de San Ignacio de Loyola” (Loiolako San Inazioren bizitza laburra), 1926an Jesusen Konpainia fundatu zuena, hain zuzen ere.

JESUS BERGARA

Gizaseme honek munduaren zimenduak hamar egunez dardarka jarri ziren urtean sortu nahi izan zuen; izan ere, inolako aurrekaririk ez zuen Errusiaren iraultzaren urtean sortu baitzen.

Santakaran sortu zen, eta han bizia lasaiagoa zen. Gurasoek, Dionisio Bergarak eta Visitacion Navarrok, hoberena nahi izan zuten semearentzat; beraz, txikitatik ikastera bultzatu zuten.

Iruñera joan, eta Anaia Maristen antzinako ikastetxean (Navas de Tolosa kalea) hasi zen ikasten. Ikastetxe horretan batxilergoa egin zuen. Ondoren Irakasleen Eskola Arruntera joan zen, eta irakasle ikasketak egin zituen.

Buru azkarreko eta ideiak arras garbi zituen gizona zen. Ikasketak bukatu eta berehala hasi zen lanean. Maisu titulua eskuan zuela, lehen lana Turrillasen (Itzagaondoa ibarra) izan zuen, artean oso gaztea zela.

Ondoren bere sorterritik hurbil dagoen Murillo el Cuendera joan zen. 31 urterekin, irakasle zaildua, Zizur Nagusira etorri zen, etaSantacaran igaro zuen haurtzarotik gogoan zuen landa giroa topatu zuen atzera ere Zizurren. Herrian irakasle gisa ez ezik, pertsonalki ere inplikatu zen.

Herria propiotzat hartu zuen, izan ere 22 urtez (1948-1970) ehunka haurri letren eta zenbakien funtsezko oinarriak irakatsi baitzizkien.

Beretzat zuen denbora irakurtzen eta paseo luzeak egiten ematen zuen. Natura arras gustukoa zuen. Bidaiatzea, eta beste herriak eta kulturak ezagutzea atsegin zuen. Haurren eskolan maisu lanetan ziharduenean, aldi berean idazkari lanak egiten zituen. Edozein aukera baliatzen zuen ehizara nahiz arrantzara joateko, bere zaletasunik maiteenak.

Iruñean hil zen 1987ko maiatzaren 7an.

VICTOR BARAIBAR

Víctor Baraibar Burutainen (Anue Ibarra) sortu zen, mendearen hasieran. Herriak, garai hartan, ehun biztanle inguru (zertxobait gehiago) zituen.

Ezer gutxi dakigu gizon honen haurtzaroaz. Bere sorterriarekin zerikusi gutxi zuen herrian itzala utzi zuen. Gurasoek naturarekiko grina (ez da batere harritzekoa halako aberastasuna duen inguruan), eta jakintzarekikoa ernaldu zuten harengan.

Bere adineko beste neska-mutikoek ez bezala (emigratu edo herrian geratu behar izan zuten familia etxea eraikitzen), aukera berrien bila joatea eta ikastea erabaki zuen.

Berak egin zezakeen halakorik, eta tarte txiki bat topatu zuen Zaragozako Unibertsitatean. Bertan, medikuntza ikasketak burutu zituen. 24 urte zituela lizentziatu zen Medikuntzan eta Kirurgian aipatu unibertsitatean. Ikasketak bukatuta, berehala ekin zion lana bilatzeari.

Zizur Nagusira heldu zen, eta II Errepublika (1931) aldarrikatu baino hilabete lehenago bere curriculuma aurkeztu zuen. Horretan, medikuaz gain, udaleko osasun ikuskaria zela ageri zen.

Kontzejuak mediku titularreko lanpostu bat eskatu zuen, eta Victor Baraibarren iritziz “gaitasun aski zeukan aipatu kargurako”. Kontzejuak hutsik zegoen lanpostua eman zion 1931n. Orduz geroztik, Victor buru belarri saiatu zen herriaren alde.

Itxura goibelekoa, baina eite eta harremanetarako atsegina zen. Beti egon izan zen herri txiki bateko medikuak egon behar zuen lekuan: ordu guztietan eta edozertarako.

Berdin laguntzen zien, emaginarekin batera, erdi-urren zeuden emakumeei, edo garai hartako gaitz eta eritasunak tratatzen zituen (nafarreria, kukutxeztula, eta abar).

Ansa familiaren lagun mina zen. Ansa familiarekin etxe berean bizi izan zen, eta haien adiskidetasuna landu zuen. Oraindik ere Victorrek herritarren gogoan dirau, borondate handiko eta jarrera oneko gizona baitzen.

Irakurtzea oso gustuko zuen. Gizon jantzia zen, baina bere zaletasunak ezkutukoak ziren. Bere karrera profesionalaren unerik onenean zegoenean hil zen, 49 urte zituela.

JERONIMO AIANTZ BEAMONT

1553an Gendulainen (Zizur Zendea) sortu zen Nafar jaun prestu honen gaitasun guztia barne hartuko lukeen definizioa egin behar bagenu, hauxe litzateke: humanista handia, gaitasun intelektual handiko gizon polifazetikoa.

Militarra, musikaria, kantaria, margolaria, kosmografoa, enpresa-burua, eta, batez ere, berritzailea, asmatzailea. Nafarroako erresumako familiarik gorenetakoa (Catalina Beaumont eta Carlos Aiantzen semea), haurtzaroa Gendulaingo jaurerrian eman zuen. 1567an Madrilera joan zen, Felipe II.aren mutil.

Madrilen honako hauek esaten ziren Jeronimo hizpide hartuta: “Espainian garai hartan egon zen jaunik goraipatu, balio handiko eta izen handienetako bat zen”. Izan ere, Lope de Vegak berak sartu zuen haren izena antzerki lan batean, eta hil zenean sonetoa osatu zuen haren omenez.

Alabaina, bere bizitzako lanik aipagarriena, seguruenik ere, lurrun makina asmatu izana izango da.

Jeronimo Aiantz Erresumako Meategien Administrari Nagusi izendatu zuten 1587an. Kargua baliatuta, garai hartako meatzaritzak zituen arazo larri batzuk konpontzeko gaitasuna erakutsi zuen; besteak beste, Potosin zilar mea ateratzearena.

Urte batzuk geroago nautikarekin lotura zuten asmakizun askotan parte hartu zuen. Itsaspekoaren lehen aurrekoa diseinatu zuen, eta horrek egundoko harridura sortu zuen Felipe II.arengan. Halaber, nekazaritza arloko ikerketak egin zituen, eta errota eta presa sistemak hobetu zituen.

Madrilen hil zen, sen betean, 1613ko martxoaren 17an.

PEDRO XIMENEZ

Pedro Ximenez Gazolatzen sortu zen, XIII. mendeko lehen erdian. Garai hartan, Iruñeko katedralak Iruñerriko eta Zizun Zendeako lurrak ez ezik, bertako biztanleen bizitza ere kontrolatzen zuen.

Gazolazko Ximenezen semea zen, Iruñeko erresuma hasiberriko aitoren seme eta zaldun nagusia. Pedroren amaren berririk ez dago.

1242ko urtarrilaren 20an, bere izena elizaren historian ageri da, Iruñeko gotzain hautatu gisa. Antza denez, gizon hau, Jose Goñi Gaztanbideren iritziz (biografo aipagarrienetakoa) “adoretsua, menderaezina eta autoritarioa zen. Bere izaerak bazuen bere garaikide Inocencio IV.aren gogortasun, oldarkortasun eta energia irmotasunaren antzekotasunik”. Beharbada, hori lagungarria gertatuko zitzaion koroaren aurrean erlijio agintea baldintzatzeko saiakeran.

Liskarrik gogorrena Teobalo I.arekin izan zuen; aitzakia Agoizko jabetza batzuk izan baziren ere (1244), sakoneko afera boterea zen. Gotzainak Teobaldo formalki salatu zuen Elizaren askatasunaren kontra egitea. Une horretatik aitzin, borroka latza izan zen bien artean. Teobaldok eskumikua egin izana leporatu zion gotzainari.

Koroaren kontrako borrokari eutsi zion, oraingoan Teobaldo II.aren kontra, eta, berriro ere, borroka espiritualetik haratago joan zen milizia jainkozaleko zerbitzariaren izaera hezigaitza erakutsi zuen.

Etsai anitz egin zituen, baita eliza-katedraren barnean ere. Monasterioekin gatazka ugari izan zituen, eta aurre egin baitzien. Horietako bat dugu Iratxe monasterioarekin izan zuena: monasterioaren mendekoak ziren elizen ordenazio askea exijitu zion Iratxeri. San Juan de la Peñako monasterioarekin (1353), frantziskotarrekin, eta Zaragozako gotzainarekin ere izan zituen liskarrak.

Bere bizitza eta lana handinahiez, boterez, harrokeriaz eta aurkariekin izandako liskarrez beterik dago. Jokoan ziren gerrak justifikatzen zituen eta, halaber, sarrera oparoak sortzen zituen instituzioaren boterea eta kontrola.

1266ko urriaren 28an hil zen, burgoak Iruñean elkartu ziren garaian.

PEDRO URDANOZ SENOSIAIN

Pedro Urdanoz Senosiain Angela Senosiainen eta Sebastian Urdanozen (Zizur Nagusiko aberatsetako bat) semea zen. Zizur Nagusian sortu zen 1895eko abenduaren 5ean. Bere haurtzaroa herrian eman zuen, eta, bere adineko gainerako neska-mutikoek bezalaxe, bertan jolastu eta ikasi zuen. Aitarengandik industriarako gaitasuna eskuratu zuen, eta amarengandik bizitza honetan norbait izan nahi izatea.

1918an Pedro Urdanoz “benta”ko etxea eta hurbileko lur batzuk erosi zituen, eta bentan lan egiten zuen errotari baten alabarekin, Aurea San Migelekin, ezkondu zen. Bederatzi seme-alaba izan zituzten. Aurea bentaren eta horren inguruan sortu zen merkataritza gune txikiaren arima izan zen. Gune horretan denetarik aurki zitekeen.

1931n Pedro Urdanozek “Urdanoz y Larumbe” sozietatea sortu zuen, Damian Larumbe koinatuarekin batera (garai hartako irin fabrika “modernoetan” esperientzia handikoa zela erakutsi zuen gizona), eta 1931ko abenduan San Andres irin fabrika paratu zuten abian, 42.000 pezetako kapitalarekin.

Pedro Urdanozek parte aktiboa izan zuen udaletxean, hamaika aldiz izan baitzen zinegotzia 1940ko hamarkadan. Urte batzuk geroago higiezinen negozioan hasi zen. Alabaina, Pedrok ez ziharduen gaur egun dagoen espekulazioagatik, gizarte interesagatik baizik, nahiz eta, enpresari ona izanik, ez zien muzinik egiten irabaziei.

1950eko hamarkadan, bere jabetzako lurretan Etxe Handia eraikitzea bultzatu zuen, eta, halaber, Etxabakoitzen “Urdanoz Taldea” ere sustatu zuen. Etxebizitza horiek (560), aski prezio onean salduak, gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren bere enpresetan lanean hasteko Nafarroako hiriburura etorritako langileentzat ziren. “Zizur Zubia” izeneko lana ere sustatu zuen.

Zizur Nagusian hil zen 1966ko abenduaren 27an.