Bitxikeriak

EUSKARA ZIZUR NAGUSIAN.

Lehen karlistaldira arte (1833-1840), euskara hizkuntza nagusia izan zen Zizur Nagusian. Herri xeheak euskaraz hitz egiten, ulertzen eta maitatzen zuen. Bazen, ordea, erromantzea erabiltzen zuenik ere. Garai hartako ahaldunek (aitoren semeak, kapareak eta elizgizonak) erromantzea ezagutzera derrigortuta zeuden -nahiz eta ama hizkuntza euskara izan-, merkataritzan, ekonomian eta gizarte harremanetan erabiltzen zen hizkuntza baitzen.

Aberats horiek erromantzea erabili zuten, XVI. mendetik aitzin, merkataritzarako eta herritik kanpoko beste familiekin harremanetan paratzeko. Alabaina, euskara herriaren hizkuntza zen. Euskaraz hitz egiten zuen; ez zekien, ordea euskaraz idazten eta irakurtzen.

Antzinako liburu baten argazkiaEuskarak herrian izan zuen garrantzia orubeetan, etxerik aitzinenekoetan gorde da. Izan ere, Zizur Nagusiko etxeek XIX. mendearen bukaerara arte gorde zuten euskal izena. Hemen ere arbasoen ohiturari eutsi zioten; alegia, etxearengatik, lurraldearengatik ezagutzera ematea herri gisa. Etxea ondare banaezina zen, gurasoengandik seme-alabengana pasatzen zen ondarea. Etxeak inguruko toponimoaren izena hartzen zuen, edo jabearen edo etxean garatzen zen ogibidearen izena. Horrek garbi adierazten du etxea zein neurritaraino zen aterpea baino gehiago: identitatea ematen zien bertan bizi zirenei, etxeari ematen zitzaion izena bera hartzen baitzuten bertan bizi zirenek.

1837an euskara bizirik zen Zizur Nagusian, herriak euskaraz hitz egiten zuen, eta bertako hizkuntza izaten segitzen zuen. Urte hartan berean, Zizur Nagusiko biztanleek oraindik ere “Zizur Txiki bidea” deitzen zioten herri horrekin elkartzen zituen bideari.

Euskararen erabilpenak, poliki-poliki, behera egin zuen XIX. mendean zehar, gaztelaniak (hizkuntza ofiziala izanik) egin zion presioaren ondorioz. Presio horretan ezin dugu ahaztu gaztelania zela eskoletako derrigorrezko hizkuntza. Horren ondorioz, euskara hizkuntza gutxitua zen 1875eko martxoaren 29an.

ROMEO ETA JULIETA ZIZUR NAGUSIAN.

Gizarte arazoak, auzi eta dueluak gorabehera, Zizur Nagusian bihotzarekin eta maite-garrarekin zerikusia zuten bestelako aferak ere gertatzen ziren. 1577an Pedro Aranburu preso hartu zuten Iruñeko Errege Espetxean. Gizaseme hori Zizur Nagusiko Tomas Goñiren etxean zerbitzaria izan zen hiru urtez. Antza denez, nagusia zerbitzatu zuen tarte hartan, haren alabarekin, Catalina Goñirekin maitemindu zen. Catalinaren aitarentzat, ordea, Pedro hura ez zitekeen suhi ona izan; ez pertsona bezala, garai hartan horrek ez baitzuen balio handirik, mahaikide eta negozioetarako kide gisa baizik.

30 urte inguruko neska eta mutikoa dantzan ikusten diraPedro, agian, sasikoa zatekeen, eta, gainera, morroia baino ez zen, eta hori onartezina zen leinuak, jatorria eta klasea nagusi zituen gizartean. Horrenbestez, Catalina maitemindu bazen ere, aitak, horren berri izan bezain laster, etxetik bidali zuen Pedro, inolako azalpenik eman gabe.

Pedro Aranburuk Gendulainera joan zen bizitzera, eta bertan zazpi hilabete eman zituen, apenas inora atera gabe. Catalina Goñik, berriz, bere maite eta zerbitzari Pedrorekin maiteminduta segitzen zuen, eta haren bila abiatu zen. Ez zuen Gendulainen aurkitu. Norbaitek, ordea, Zizur Txikiko Jerusalemeko San Juan ordenaren etxean zegoela esan zion.

Antza denez, sanjuandarrekin negoziatu ondoren, Pedrorekin geratu zen, baina bere lekukotasunaren arabera, “harreman osoa izan gabe”; garrantzi handiko afera garai hartan. Catalina hurrengo egunean itzuli zen eta han “topatu zuen, muinoko bizkondearen etxean, eta, fede emanez, ohatze batean lo egin zuten, eta haragirako eta kopulatzeko aukera izan zuten, senar-emazte gisa; Pedrok gau hartan desloratu zuen”.

Catalinaren aitak horren berri izanda, ez zuen alabak egindakoa onartu, eta etxean giltzapetu zuen hogei egunez. Catalinak, ordea, ihes egitea lortu zuen, eta Xabierrera joan zen, bertan hartua baitzuen babesa Pedro Aranburuk.

Eragozpenik eta zaintzarik gabe elkar maitatu ahal izango zuten beste lurraldeetara alde egin zuten elkarrekin. Ezkon-hitza emanda, “publikoki apezaren eskutik eta aldez aitzin ezkondeiak eginda”, Sos del Rey Catolicoko elizan ezkondu ziren.

Nolanahi ere, bikoteak denbora bat itxaron behar izan zuen zoriontsu izateko. Izan ere, Pedro atxilotu eta Iruñeko San Frantzisko kalean zegoen Errege Espetxean sartu zuten ezkontza klandestinoa egin izana leporatuta. Huraxe izan zen familiaren arauei aurre egiteagatik ordaindu behar izan zuen prezioa. Prozesu luze baten ondoren, aske utzi zuten, eta Catalinak behin betirako maitasuna adierazi zion.

EZINEZKO MAITASUNAK.

Ia ehun eta hogei urte geroago hil zen Pedro Zabaltza, Zizur Nagusiko abadea. 1695ean herritar guztiek Fermin Arteta (Zizur Nagusiko diakonoa) proposatu zuten herriko abade izan zedin. 1700. urtean Fermin Artetak Josepha Villanueva kontratatu zuen abadearen etxekoandrea izateko.

Antzinako argazkia, emakumea oiloei jaten ematen ari die eta gizona ate ondoan itxoiten ari duLau urtez etxe berean bizi ondoren, herritarrek eta eliztarrek Josepharekin zilegi ez ziren harremanak eduki izana leporatu zioten. Izan ere, Josepha ez zen etxetik ateratzen. Ez zitzaion ikusten ez mezan, ezta bestelako elizkizunetan ere; beraz, herritarrak susmoak Josepharekin hartuta zeuden.

Fermin formalki akusatu zuten, eta hogei dukat ordaintzera zigortu zuten. Halaber, hiru hilabeteko itxialdira zigortu zuten, Iruñeko hirukoiztarren komentuan bete beharrekoa. Zigorra gorabehera, Josepharekin zuen harremana egonkorra izaten segitu zuen.

1708. urtean Josepha oraindik ere abadearen etxean bizi zen, klandestinitatean bazen ere. Josepha emakume sinestuna zen, eta bere baitan pairatu behar izan zuen historia honetako alderik gaiztoena. Izan ere, etxean ezkutuan jarraitu behar izan zuen. Meza entzun nahi bazuen, eta halaxe egiten zuen egunero, kanpandorreko txoko batean ezkutatuta egin behar izaten zuen.

KOLERA-EPIDEMIAK

Izurria, dama beltz lazgarria, izan zen Europan heriotza zigorra Erdi Aroan eta Aro Modernoan.

XVIII eta XIX. mendeetan, Europak beste gaixotasun garrantzitsuak ezagutu zituen itsasoaz bestalde. Horiek guztiek gerraren, eta natura-gertakarien eta gizakien diru-gosearen beraren aurka bi mende luze borrokan aritzeak eragindako goseteen ondorioz ordurako aski ahulduta zegoen populazioa areago murriztu zuten.

Aipatu mendeetan Penintsula erraustu zuten gerra zenbatezinetan parte hartu zuten soldaduek birus gaiztoak zabaldu zituzten. Izan ere, zarpailez osatutako miliziak ziren, gosetuak eta gaizki jantziak. Bizi baldintzak hain ziren osasunaren kalterako, ezen bereganatzen zituzten lurraldeetako populazioarentzat ondorio kaltegarriak sortzen baitzituzten.

Malariak, baztangak, tifusak eta difteriak hondamena eragin zuten XVIII. mendean zehar.

Nafarroak, XIX. mendean zehar, 30.000 lagun inguru galdu zituen kolera-epidemien ondorioz (1855, 1865 eta 1885).

Kolera, sukar beltz izenaz ere ezaguna, eritasun akutua eta kutsakorra zen. Indian hasi zen hedatzen 1817an. Ingalaterra eta Frantziara 1831n iritsi zen, eta Penintsulara 1833an. Urte horretako negu gogorrak ia ezerezean utzi zuen koleraren eragina, baina 1834an kolera Portugaletik sartu zen Penintsulara.

Populazio txiro eta gaizki elikatuaren higiene ezak nabarmen azkartu zuen kolera hedatzea.

Nafarroan hiru kolera-agerraldi izan ziren 1855, 1865 eta 1885ean. Administrazioak gizartearen elikadura hobetzen saiatu ziren. Azokak eta merkatuak, eta eskolak bertan behera geratu ziren, kutsatze masiboa saihestearren. Halaber, osasun kontrolak ezartzen ziren, eta herriak inguratu egiten ziren kolera zabaltzea saihesteko.

Hileta bat, kaletik gizonak zerraldoa eramaten eta atzekaldean jende multzoakUne hartako ingurumen osasuna eta herrien higienean hobetzen, eta izurriak moteltzen lagundu zuen neurrietako bat hilerriak herrietatik urrun egitea izan zen.

Neurri horrek, inolako zalantzarik gabe, eritasun anitz saihesten lagundu zuen.

XVIII. mendearen bukaera arte, Nafarroan hildakoak eliza barnean edo inguruetan ehorzten ziren. Diru gehien zuenak hildakoan aldare nagusitik albait hurbilen egotea agintzen zuen. Bertatik zerurako tartea laburragoa zen elizaren atzeko atetik baino; azken horretan ehorzten zituzten, hain zuzen ere, diru gutxien zutenak. Alabaina, XIX. mendera arte ez ziren elizako zorupeko hilobiak desagertu.

1841ean, Gazolazko Ramona Sanz 15 hileko neskatoa Ardoiko baselizaren hilerrian ehortzi zuten, “herrikoa erabiltzerik ez zegoelako”.

1880an Zizur Zendean zeuden hilerrien zerrendatua egin zuten. Zizur Nagusikoa (San Andresen ohoretan) kareharriaren gainean zegoen, herritik 500 metrora, berebizikoa baitzen herriaren eta hilerriaren artean tarte nahikoa uztea, ura eta airea kutsatzea saihestuko bazen. 1855eko kolera izurriteak eragin nabarmena izan zuen Nafarroan.

Nicasio Landak (1854-1855eko izurritean mediku ofiziala) egindako kalkuluen arabera, Nafarroan mila biztanleko 137 lagun hil ziren. Beste iturri batzuen arabera, hildakoak 13.715 izan ziren Nafarroan (aski goitik jotakoa dirudi). Bestalde, Jordi Nadalek egindako kalkuluen arabera, Nafarroak biztanleriaren % 4a galdu zuen. Izurriak Nafarroa osoa astindu zuen. Izan ziren, hala ere, salbuespenak, besteak beste: Melida, Zarrakaztelu, Murillo eta Santakara, horietara ez baitzen kolera iritsi.

1885eko abuztuaren 10ean, Nafarroan beste kolera-agerraldia antzeman zutela-eta, Tokiko Osasun Batzordeak “Kolerari buruzko argibide laburrak Zizur Zendeari zuzendua” izeneko lana eman zuen argitara. Aipatu argibideak honako hauek ziren:

“Garbitasun handia herrietan eta etxeetan, eta gelak egunero ihinztatuko dira garbiketa egin ondoren gatz klorurozko edo azido fenikozko edo, errazago, sufrezko disoluzio batekin, batez ere herrian kolera agertzen denean. Denek eraman behar dute poltsikoan zapi bat alkanfor-pattarraz edo ozpin bereziaz bustia (Iruñeko Markina jaunaren farmazian -garai batean Borras jaunarena zena- saltzen zena). Produktu hori txiroei bideratuko zaie. Ez jan frutarik, ezta barazkirik ere, eta jaten badira, gutxi jan eta egosita. Jakirik hoberenak haragi saldak, arroz eta baba zopak, haragi errea, ardo pixka bat eta kalitate onekoa, eta bazkaldu ondoren tea edo kafea ron, koñaka edo pattarrarekin”.

Zerraldoa lurperatu baino lehen ateratako argazkiaBeste gomendio batek esaten zuen herri eta etxe guztietan eduki behar zirela hainbat produktu prebentzio gisa, besteak beste: kare kloruroa, azido fenikoa, azido klorhidrikoa, errizino olioa, alkanfor alkohola, koñaka eta laudanoa. Halaber, Zendeako herritarrei (gehiengoa alfabetatu gabea, eta sineskeriei emana) ohartarazi zitzaien ez zezaten jar beren itxaropena “sendabide sekretuetan”, eta aipatu gomendioetan jasotako jarraibideak eta aholkuak bete zezaten.

Agindu horiek eman zituen medikuak, nonbait, Zendeako emakumeengan eta hauek zaindari gisa zuten trebetasunean jarria zuen bere itxaropena.

NAHITAEZKO LURRERATZEA ZIZUR NAGUSIAN.

1875eko martxoaren 29an, arratsaldeko bost eta erdiak aldera. Inork espero ez zuen lurreratzea egin zuten Zizurren. Jendeak ez zuen ikusten ari zena sinesten. Globo bat Zizur Nagusiko soroetara erori zen.

Jendeak bazuen gerrak sortzen zuen zorigaitzaren berri, baina sekula ikustekoak ziren halako tramankulurik. Izan ere, lau frantziarrek, nahi gabe, Zizur Nagusian lurreratu behar izan baitzuten. Hegaldiaren burua Eugenio Godard aeronauta zen, eta berarekin Senamaud zihoan, Bordeleko merkatari bat.

Bidaiari ausart horiek Baionatik abiatu ziren eta Ezpeletara joan asmo zuten. Saturne izeneko globoan bidaia egin aitzin, sustatzaileek afixak paratu zituzten Baionako karriketan bidaia-boluntarioak lortzeko. Julian Vinson izan zen horietako bat.

Gauez lurreratu ziren, Zizur Nagusiko errepidean. Esan beharra dago aski kolpatuak gertatu zirela. Globoan zihoazenek, orientazioa galduta, ez zekiten non zeuden. Hasiera batean, inor ez zen haiek laguntzera abiatu. Goizaldeko lau eta erdiak aldera, ordea, elizako kanpaiak entzun zituzten, eta ilargiaren argitan Zizur Nagusiko etxeak antzeman zituzten.

Hurrengo egunean, abenturazale eta lexikologoen taldea hiriburuan sartu zen; jende ugari bildu zen haiek ikustera. Zizur Nagusiko emakumeek sekula ez zuten pentsatuko goseak eta zaurituta ikusiko zutenik euskararen historian baliorik handienetako bat izan zuen ikerketa lanaren egilea izanen zena: Essai d’une bibliographie de la lengue basque.