Historia

Zizur Nagusian izan diren populazioren eta giza jardueraren lehenengo aztarnak intuizioaren baitan daude. Gaur egunera arte, ehunka zizurtar belaunaldiri jaten eman dien lur emankorrari ez zaio prospekzio arkeologiko sakon eta sistematikorik egin. Topatu izan dira ustekabean hainbat azaleko aztarna litiko Zizur Nagusiaren hurbileko lurretan. Jakin badakigu paleolitikoaren bukaera aldera bazirela leizeetan bizi ziren giza talde ehiztariak, nomadak, aro hartako klima gogorrari aurre eginez.

Aurkitutako lehen tresna horiek (bostehunetik gora) adierazten dute balitekeela erdi Pleistozenoan Iruñerrian giza taldeak egotea. Aipatu tresnak honako hauetan aurkitu dira: Gazolatz, Paternain, Orkoien,Cordovilla, Arazuri eta Iberon.

Giza taldeek hainbat berrikuntza teknologiko asmatu zituzten, hainbat habitat mota eta familia, kultura eta bizi egitura berriak bultzatu zituzten. Hotz handien aroa joana zen, eta klima anitzez ere epelagoa zen. Horren ondorioz, leizeak utzi eta buztin eta adarrez egindako txabola oso primitibotan bizitzen hasi ziren. Giza talde horiek ehiztariak ez ezik, nekazariak ere baziren.

ARROAREN ERROMANIZAZIOA

Ez dakigu ziur erromatarren armadak iritsi aitzin Zizur Nagusian eta inguruetan jatorrizko giza talde euskaldunik ote zegoen, baina gaur egunera arte izan diren aurkikuntzak kontuan hartuta, pentsatu beharra dugu baietz. Arroan erromatarren garaiaz informazio gutxi egoteak ez du esan nahi Nafarroako gainerako lurraldeetan izan zen erromanizazio prozesuaren antzekorik gertatu ez zenik hemen ere. Aitzitik, logikoa dirudi prozesu horren antzekoa gertatzea Arroan ere. Horren lekukoa izan daiteke aurkitu izan diren nekazaritza gune txikien aztarnak. Beharbada gune horiek eraiki berria zen Pompaeloko (K.a. 75. urtea), Barañaingo, Muru-Asteraingo eta Paternaingo merkatuak hornitzen zituzten. Aipatu gune hauek existitzen ziren, baina erromatarrak Arga arroan barna eta Nafarroaren hegoaldean barna hedatzearen ondorioz, hazkuntza demografikoa izan zuten.

IRUÑEKO ERRESUMA SORTU ETA ZIZUR NAGUSIA HISTORIAN AGERI DA

1087. Herri orok behar du data bat noizkoa den jakiteko, iraganean kokatzeko, orainean egoteko, eta geroa izateko. Zizur 1087an ageri da lehenengoz dokumentu historiko batean. Horrek, ordea, ez du esan nahi lehenagotik ere existitzen ez zenik.

Gainera, Arroan eta hasierako Zizur hartan bizi ziren biztanleek ikusiak zituzten lehenengo erromesak; hauek etxeetara joaten ziren abegikortasun eske. Nahiz eta Zizurko Erdi Aroko biztanleek erromesen hizkuntza arrotz haiek ulertu ez, beren etxeetan hartzen zituzten Finisterrera bidean ziren erromesak.

Agian, hasierako Zizur hura leku txikia izanen zen, gaur egungo elizaren inguruan kokatua, eta, beharbada, bizpahiru familia baino ez ziren bertan biziko.

ZIZUR NAGUSIA, NOBLEEN JABEGOA

Bai Felipe III.ak bai Joana II.ak (1328-1343), biak frantsesak sortzez, urrunetik erreinatu zuten. Pariseko Gortean bizi ziren, eta ia gobernu eginkizun guztiak beren konfiantzako pertsonengan utzi zituzten, ia guztiak ere frantsesak. Erregeen absentismoak gobernadore edo ordezkari irudia sorrarazi zuen. Honek, erregea Nafarroan ez zegoenean, ia gobernu eginkizun guztien eskumena zuen.

Alabaina, errege frantsesek zenbait familia nobleren presentzia eta lankidetza beharrezkoa zituzten.

Zizur Nagusiko goi Erdi Aroko historia baldintzatuko zuen familia aberats horietako bat almoravitarrena izan zen. Familia horretako ondorengo bati, Fortuño Almoraviten laugarren alabari, hain zuzen ere, 1341ean Zizur Nagusiaren erdia eta jabego guztiak eman zizkioten, ordezko militarraren aginduz. Pedro Garcia de Mondragon errege atezainak betearazi zuen agindua.

1341ean, Joana Almoravit eta Cameros jaunaren ondorengoak (Joan Alfontso Haro, Alvar Diaz, Diago Lopiz eta Fortuynno eta Alfontso Teylliz) Zizur Nagusiaren jabe bihurtu ziren.

ARO MODERNOA; GERRAK, ERREKRUTATZE ETA ZORRAK NAGUSI

Aro Modernoa ez zen horren modernoa izan Zizur Nagusia bezalako herri txikientzat. Udalerriaren eguneroko bizitzari, eguneroko errealitateari eta gizarte errealitateari dagokionez, Zizur Nagusia XIV eta XV. mendeetan La Oliva monasterioaren eta zenbait jauregitarren mendekoa zen ia erabat; azken hauek elizaren jabegokoak ez ziren, eta monasterioek nahiz Jerusalemeko ordenak bere kontrolpekoak ez zituzten aitzinako lurrak bereganatu zituzten oinordetzan.

Gaztelak Nafarroa bereganatuta, azken honek bere pribilegioak galdu zituen, eta Gaztelako erregimenaren arauetara, balioetara eta ohitura berezietara egokitu behar izan zuen.

1637 eta 1640 bitartean, zenbait gizasemek beren familietatik, lurretatik eta herrietatik urruntzeko, eta sentitzen eta ulertzen ez zuten kausa baten alde borroka egiteko agindua jaso zuten. Nafarroako zazpi zendeak elkartu eta kexu formala aurkeztu zuten Gorteetan. Aipatu kexan, armadara joan behar izateak herriei zekarkien kalte larria azaltzen zuten, “ez baitute lurra lantzeko jenderik, eta pisuzko beste hainbat arrazoirengatik”.

Izan ere, garai hartan ugari izan ziren herritarren matxinadak, erresuma zaharra Gaztelako monarkian txertatu izanaren ondorioz arian-arian galtzen zihoazen sozializazioa eta bizimodua berreskuratze aldera.

ARO GARAIKIDEA, ZIZUR NAGUSIA GERRAN

Aro Garaikidea Frantziako Iraultzarekin (1789) hasi zen Europan. Lehen karlistaldiak (1833-1839) nafarrak ez ezik, harremanak, erlijioa, gizartea, politika eta jabetza ulertzeko bi modu desberdin ere paratu zituen aurrez aurre.

LEHEN KARLISTALDIA

Lehen Karlistaldia bete betean zegoela, Zizur Nagusian, Zizur Txikian eta Ezkirotzen kuarteleratuta egonak ziren Nafarroako gorputz frankoak (liberalen bandoarekin bat eginik) izenekoen tropa liberalak matxinatu egin ziren Iruñean.

Tropa liberala aski asaldatuta zegoen; batetik, soldaduek hainbat hilabete zeramatzatelako desmobilizatuta eta Iruñean sartzea galarazita zutelako, eta, bestetik, hiru hilabetetik gora zeramatelako soldatarik jaso gabe. Zizur Nagusian kuarteleratuta zegoen tropa bertan erabaki zuen altxamendua planifikatzea. 1837ko abuztuaren 26an, tropa liberalek Atarrabiara joateko agindua jaso zuten. Militarrek, “Gu Iruñera!” oihukatuz, emandako aginduari ez zioten jaramonik egin, norabidea aldatu eta Larrainako eta Portale Berriko maldan gora hirian sartu ziren, ate horretan zaintzan zeuden guardien harridurarako. Ate hori eta gainerako ateak eta gotorlekuak erasoan hartu zituzten, eta Taconeraraino heldu ziren.

ZIZUR NAGUSIAK ERE MENDE BERRIA ESTREINATU ZUEN

Bien bitartean, Zizur Nagusian, egunerokotasuna lur emankorrak eta ugariak lantzea zen, artean ere herritar gehienak nekazaritzatik bizi baitziren. Herritarrek, beren eginkizun txikien artean, meza entzuten zuten igandetan eta debozio egunetan (San Sebastian, San Isidro, Santa Barbara eta San Andres).

Denbora nare zihoan. Etxeetan ez zegoen berokuntza sistemarik; beraz, neguan, etxebizitzak berotzeko, erabat sekula berotzen ez baziren ere, beheko sua edo tximiniak erabiltzen ziren. Ura 1936ko maiatzaren 19an sartu zuten herrira. Herritarren eginkizun horretarako Diputazioari mailegua eskatu zioten, gastuak ordaintzeko.

XX. mendeko lehen bi hamarkadetan Zizur Nagusiko biztanle kopurua ez zen ia batere handitu; areago, hazkundea geldituta zegoela esan dezakegu.

Aipatzekoa da 1970etik 1980ra bitarteko tartea. Hamarkada horretan, biztanle kopurua bikoiztu egin zen. Hazkundea etengabea izan da geroztik. Herria zabaldu egin zen hego-mendebalerantz eta hego-ekialderantz. Une horretan Iruñeko eta Iruñerriko biztanlek Urbanizazioa deritzan horretara joan ziren. Ordutik jendea etengabe dator Zizur Nagusira.

]