Toki interesgarria

Gaur egun Zizur Nagusiak (5,5 km²) honako hauek ditu mugakideak: Iparraldean Barañain eta Eultza, Ipar-mendebaldean Arazuri eta Gazolatz, Hegoaldean Galar, Hego-ekialdean Zizur Txikia, eta Ipar-mendebaldean Etxabakoitz (Iruñeko auzoa).

Udalerria Iruñerriaren barnean dago, malkar sakan baten gainean zabaltzen den ordoki batean. Malkarra % 5etik % 10era bitartekoa da. Zizur Nagusia itsas mailatik 466 metrora dago.

Iruñerria honako hauek mugatzen dute: Iparraldean Uharte, Ezkaba eta Añezkar mendixkek; Hegoaldean, Alaitz eta Erreniega mendiek; Mendebaldean, Sarbil mendiak; eta Ekialdean, Taxoare eta Itzagako Harria mendiek.

Zizur Nagusia

Geologiari dagokionez, Iruñerria Pirinioaurreko arro zabal baten barnean kokatuta dago, eta berau Irunberriko arrotik Jacaraino hedatzen da, Berdungo kanaletik barna.

XIX. mendeko entziklopedia geografiko-historikoetan, honela ageri zen Zizur Nagusia: “garaiera txikiko eremu batean kokatuta dago, bere urak Arga ibaira isurtzen dituen erreka baten ezkerretara. Iruñetik hiru laurden legoatara dago, hego eta mendebalde artean. Barañain, Zizur Txikia eta Gazolatz ditu mugakide “. Pascual Madozen hitzetan, Zizur Nagusia “Iruñetik Garesera doan bidearen eskuinaldean dago, goialde batean, Arga ibaitik pistola tiro batera”.

Denborak aitzinat egin ahala, udalerriak Iruñetik hurbil zegoen leku txikia izaten jarraitzen zuen. Horren lekuko dugu 1944an herrialdean argitaratutako argitalpen batean jasotakoa: “Zizur kontzejua da, eta Iruñetik 4 km-ra dago, Iruñetik Logroñorako eta Zizurretik Belaskoaingo Zubirako errepideak bitan banantzen den gune horretan. Udalerriak 232 biztanle ditu. Egunero Iruñetik Logroñorako, eta Iruñetik Zizurrerako bidea egiten duen ibilgailu zerbitzua du: La Estellesa, Los Tres Valles eta La Villavesa enpresakoak”.