Harlanduzko eraikina da, eta zehatz-mehatz deskribatuta ageri daCatálogo Monumental de Navarra lanean:

“dorre bat du ertz batean, inposta bat duela goialdean. Fatxada nagusiak arku zorrotza dauka, eta, bigarren mailan, bi leiho errezelean. Horien artean, armarri bat dago, bihurritutako larruzko kartelen gainean, eta, bertan, bi animalia aurrez aurre eta lau pertz. Maila horretan bertan, erdi-puntuko arkuzko leiho bikiak daude, errepidera ematen duen alboko fatxadan. Hostaila gainean, berriz, armarri hirukoitz barrokoa. Lehen eskudetean hiru barra daude, zortzi pertzek inguratzen dutela; bigarrenak gurutze bat dauka; hirugarrenak, berriz, lau zerrenda. Tinbre komun bat dute, eta maskaroi bat ageri da bertan, hostaila artean”.

Egun, jabetza pribatukoa da etxea, eta lehen zaharberritze garaikidea 1954an egin zen, Luis Villanuevak hala nahi izanda (lehendik ere, haren aitak agertua zuen nahi hori). Urte horietan, landetxe gisa erabili zuten. Ondoren, 1969an, behin betiko eraberritu zen.

Interes historiko-artistikoa duten gainerako eraikin zibilak Gazolatzera joateko errepidean daude; errepide horrek herriaren alde zaharreko gune nagusia zeharkatzen du. Elizaren aurrean, parrokia-etxea gailentzen da, XVIII. mendeko eraikina. Hiru solairu ditu, eta esekitako balkoia hego-ekialdera begira. Egun, osorik berritzen ari dira.

Beste etxetzar garrantzitsu bat errepidearen 20. zenbakian dago. Harlanduzko oinaldea du, eta erdi-puntuko atea. Idazkun batek etxea egin zuenari buruzko datuak ematen ditu. Ramona Arlegi andreak agindu zuen eraikitzeko, 1800. urtean; herriko familia bateko kidea zen.