Nekazaritza-abeltzaintza

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, Zizur Nagusiko nekazariek Zendeako gainerako nekazariek landatzen zituzten produktu berberak landatzen zituzten. Iruñerria eremu ezin hobea izan da zenbait labore lantzeko. Usadioz, Iruñerrian zerealak ereiten ziren. 1785etik 1789ra bitartean, Iruñerriak 664 kg zereal sortzen zuen biztanle bakoitzeko; hau da, Nafarroan gehien sortzen zuen eskualdea zen. Lurrak betidanik izan dira oso emankorrak, eta gaur egun ere halakoxeak dira. Konposizio fisikoa oso aproposa da, lohitsua eta buztintsua. Horrez gain, klima epela da. Bi alderdi horiek lurrari material organiko ugari ematen diote, eta, horrenbestez, laboreen emankortasuna areagotu egiten da. Gaur egun, beharbada, nekazariek lurra bere kolore bereziarengatik ezagutuko dute, duela berrehun urte egiten zuten antzera.

Antzinako argazkia, artzaia artaldea zaintzen ikusten daGaur egun, duela berrehun urte egiten zen bezalaxe, «lur zuriak», «gorriak», «beltzak» eta «legarrak» lantzen dira. Lur zuriak eta beltzak dira egokienak zerealetarako (garia eta garagarra). Nolanahi ere, garai batean, XVIII. mendearen bukaera aldera eta XIX. mendearen hasiera aldera, lur beltzetan erremolatxa eta artoa ere ereiten zen. Hala ere, laborantzarako lur eremua larreetarakoa baino txikiagoa zen. Sastrakadiak eta larre etzeak ziren nagusi, bazkarako erabiliak (Jimeno Jurio). 1817an Zizur Nagusian lehen mailako 639 erregu-lur zuri erabiltzen ziren, bigarren mailako 1.416 erregu-lur, eta hirugarren mailako 1.506: denetara 3.561 erregu-lur zuri erabiltzen ziren laborantzan. Bestalde, hirugarren mailako baratzerako 15 erregu-lur baino ez ziren erabiltzen, eta 60 mahastietarako.

Bi idik gurdia bultzatzen ikusten dira, gurdiaren gainean gizon bat garia jasotzen dagoGaur egun, makineria modernoak nagusitu egin dira nekazaritza eta abeltzaintza eremuetan, eskuz egindako lanak nekazaritza arkeologiaren eremuetan galdu dira, eta egun nekazaritzan diharduten familia bakanek beste jarduera batzuekin tartekatzen dute. Hala ere, Zizur Nagusian 315,06 ha erabiltzen dira nekazaritzarako. Lehorreko belarkara laborantzetan 247,6 ha erabiltzen dira, laborantza lur ureztatuak oso gutxi dira (4 ha), eta larreetarako 2,75 ha erabiltzen dira. Zuhaitzik gabeko baso-azalera 13,8 ha-koa da. Koniferoek lurrazalaren 20,4 ha hartzen dute, zuhaitz hostotsuek 7,6 ha, eta, landaretzari dagokionez, produktiboa ez den ez den lurrazalak (herri guneak eta industrialdeak) 122,1 ha hartzen ditu.

Antzinako argazkia, jendea garia jasotzen ikusten daIruñerriko gainerako lekuetan bezalaxe, XXI. mendearen hasiera honetan gariaren laborantza intentsiboa da, eta neurri txikiagoan garagarra. Ondotik datoz, urrunean baina, koltza eta oloa. Familia baratze txikietan landutakoa ere gehitu beharra dago; horietatik ortuari eta barazki bikainak ateratzen dira. Mahastiak ere garrantzitsuak izan ziren udalerrian, harik eta XIX. mendeko filoxera gaitzak laborea hondatu zuen arte. Alabaina, XX. mendearen erdialdetik aitzin desagertu ziren mahastiak nekazaritza jardueratik, 1960ko hamarkadan. Garai hartan kontzentrazio partzelarioaren ondorioz paisaia aldatu egin zen. Kontzentrazioak labore anitzeko lur eremu txikiak azalera handiko lur eremu bihurtu zituen, zereal laborantza intentsiboan erabiliak.